KSI Berritzaile, kultura eta sorkuntza industrien sektoreko enpresentzako berrikuntza-programak, Tecnalia, Vicomtech, Euskalit, Elkargi eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin lankidetzan Eusko Jaurlaritzak bultzatuak, hirugarren deialdia ireki du proiektuak aurkezteko.

Programaren helburua aukera-guneak sortu eta garatzea da hiru arlotan. Tecnaliak eta Vicomtech-ek laguntza emango diete enpresei beren ideia berritzaileak martxan jartzeko proiektu berrietan berrikuntza eta transferentzia teknologikoan. Gainera, sarrera libreko jardunaldietan erakutsiko dituzte garatzen dituzten teknologiak. Antolaketa-ereduaren berrikuntzan Euskalit izango da aholkularia, eta Elkargi lan honetan arduratuko da enpresen finantza-gaikuntzaren ardatzean.

KSI Berritzaile kultura- eta sorkuntza-industrien sektorera zuzenduta dago, eta hau 15 azpisektorek osatzen dute; horien artean daude arkitektura, diseinua, moda, ikus-entzunezkoak eta eduki digitalak, zinema, bideojokoak, musika, arte eszenikoak, ikus arteak, publizitatea eta marketina, kultura-ondarea, eskulangintza, argitalpena eta hizkuntzaren industriak.

Ekimen honen nodo bideratzaileak Eiken, Eide, Habic, Ehmbe, Langune, Basquemoda, Karraskan, Eskena, Arbaso, Liburuaren Ganbera, Gaia-Basquegame, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala eta Bizkaiko Publizitate Agentzien Elkartea dira; beraz, beren bazkideen artean ezagutarazi eta sustatuko dute ekimena.

Erabilgarri dauden azken datuen arabera, sorkuntza- eta kultura-industrien sektoreak 14.459 enpresa biltzen ditu Euskadin, horietako gehienak tamaina txikikoak, eta 70.000 pertsona enplegatzen ditu, euskal enpleguaren % 8. Industria hauek RIS3 Euskadi espezializazio adimendunaren euskal estrategiaren aukera-lurraldeetako bat dira, Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean jasoa, balio erantsi handiko arloetan sakontzen duena, azkenean hazkundea eta enplegua eragiteko produktu eta zerbitzu berriak sor ditzaten.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago