Sare sozialak aztoratuta dabiltza, begiratzen dionaren arabera, kolorez aldatzen den soinekoarekin. Buzzfeed-ek artikulua argitaratu zuenetik etengabea izan da eztabaida eta 23 milioi bisita baino gehiago jaso dituzte. Twitter-en gero eta gehiago dira eztabaidak #thedress, #whiteandgold eta #blackandblue hashtag edo traolekin, eta trending topic dira mundu-mailan. Baina… zein koloretakoa da soinekoa? Urdina eta beltza ala zuria eta urre kolorekoa? Nola liteke pertsona bakoitzak bere kolorekoa ikustea?
Fenomeno honen azalpena kolorearen pertzepzioaren teorian datza. Argiak erretinan eragiten duenean, zelula argi-hartzaile edo fotorrezeptoreek, kono eta makilek, bulkada elektriko bihurtzen dituzte, eta garunera bidaltzen dira kolorearen pertzepzioa sortzeko. Garunak dezifratu egiten du zein kolore ari den errebotatzen ikusten ari zaren objektuaren gainean eta berari buruzko “interpretazioa” egiten du.
Gizakiek, eboluzioarekin, eguneko argia ikustea lortu dute, baina hau ere aldatu egiten da kolorez. Eguneko argia aldatu egiten da egunsenti aurreko gorri-arrosatik egun beteko urdin-zurira. Wellesley College-ko neurozientzialaria den Bevil Conway-en hitzetan: “hemen gertatzen dena da zure ikusteko sistema irudi horri begira dagoela, eta eguneko argiaren ardatz kromatikoaren kolore-gradutako diferentzia deskontatu nahian ari dela. Beraz, jendeak, edo soinekoaren alde urdina deskontatzen du, eta kasu horretan jantzia zuri eta urre-kolorekoa ikusten du, edo urre-kolorez ikusitako aldea deskontatzen du, eta orduan urdin eta beltz ikusten du”.
Koloreak identifikatzeko prozesua pertsona zehatz bakoitzaren garunaren eta sistema okularraren araberakoa da. Zehazki neurtu dezakegu kolore baten espektroa, baina produzitzen dena guztiz subjektiboa da eta pertsona bakoitzak bere erara interpreta dezake kolore jakin bat.
Beau Lotto neurozientzialariak, 2013an Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Asteari hasiera eman zionak, hainbat ilusio optikoren bidez erakusten du bideo honetan nola alda daitekeen ikusten dugunaren pertzepzioa eta nola ikusten dugun.
Bide batez esanda, jatorrizko soinekoa urdina eta beltza da, eta market place ospetsu batean eskura daiteke 50 liberaren truke.