Neurrizko baikortasuna dago I+G+b-ren etorkizunaz eta, krisi ekonomikoa gorabehera, bere bilakaera azken 5 urteotan positibotzat jotzen da. Hori azaltzen du Basque Innovation Perception-ek (BIP), Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemaren (ZTBES) pertzepzioari buruz Innobasquek egindako diagnostiko kualitatiboak. Euskal I+G+b-ren egungo eta etorkizuneko egoeraz dagoen pertzepzioa monitorizatu eta aztertzen du lan honek, eta ZTBES osatzen duten eragileek elkarri buruz duten pertzepzioa ezagutzeko aukera ematen du.

Lehen edizio hau egiteko, Innobasqueko bazkide diren erakundeetako eta I+G+b-ren eremuan esperientzia aitortua duten 308 adituko panel bati egin zitzaion inkesta. Pertsona horien %57 enpresaburuak dira, %33 ikertzaileak, %6 gizarte-arlokoak eta %5 erakundeetakoak. Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Planak ZTBES ebaluatzeko eta monitorizatzeko Innobasqueri ematen dion eginkizunean sartzen da lan hau, eta bi urtean behin egiten da.

BIPeko adituek ontzat jo dute ZTBESen egungo egoera (1-10 eskalan 6,26) eta azkenaldiko bilakaera, eta neurrizko baikortasuna azaldu dute horren etorkizunaz. Kolektibo guztiek oso antzera baloratu dute alderdi hau, erakundeak izanik kontserbadoreenak eta enpresaburuak positiboenak.

Panelaren iritziz, I+G+b ikertzaileei buruzkoa eta I+G+b-k euskal enpresa handiei egiten dien ekarpena dira indar-gune garrantzitsuenak. 

Halaber, hobekuntzarako lau elementu kritiko identifikatu dituzte: 

  1. Gazteen prestakuntza ikerketa-karrerarako, nahiz eta ikertzaileen egungo maila indar-gunetzat jotzen den.
  2. I+G+b-ren finantzaketa pribatua.
  3. Berrikuntza ez teknologikoaren bultzada eta teknologia aurreratuak (KET ingelesezko siglen arabera), adibidez nano eta bioteknologia, eta IKTak ETEetan sartzea.
  4. ZTBESen eraginkortasuna, oro har.

I-G+b-ren hazkunde-aurreikuspenei, horren finantzaketa pribatuari, zientzia eta teknologia-eragileen lankidetzari eta balio-ekarpenari buruzko pertzepzioak ez datoz bat dauden estatistika-datuekin.

%60k baino gehiagok uste du datozen 5 urteetan I+G+b-n egingo den inbertsioa %1 eta %10 artean haziko dela urtean. Ikuspegi  hau enpresen proiektu-zorroan, Euskal Jaurlaritzaren aldetik finantzaketa publikoa gehitzeko konpromisoetan eta nazioarteko finantzaketaren bilakaeran oinarritzen da.

Panelaren ia erdiak uste du gizartearen ongizatea eta euskal enpresen lehiakortasuna hobetu egingo direla gaur egun Euskadin egindako I+G+b-ri esker. Gizarte-kolektiboa ezkorrago agertzen da alderdi honetan, erakundeetakoa berriz baikorragoa da.

Azkenik, BIPek azaltzen du Tecnalia, IK4 Research Alliance, UPV/EHU, Mondragon Korporazioa, Innobasque, CAF, Iberdrola, DIPC, CIC Nanogune eta Mondragon Unibertsitatea hartzen direla, hurrenkera honetan, Euskadiko I+G+b erakunde garrantzitsuenak bezala.

Txosten osoa esteka honetan dago irakurri eta behera jaisteko moduan.

 

 

 

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago