FIRST LEGO League Euskadi hezkuntza-programak urtero prestakuntza-tailerren ziklo bat eskaintzen die parte hartzen duten 1.500 ikasle baino gehiagori, zientzia-proiektuak sor ditzaten, Euskal Autonomia Erkidegoan lan egiten duten zientzia eta teknologiaren arloko adituen laguntzarekin. Prozesuan zehar, gai zehatz batean sakontzeaz gain (aurten, jolas eta kirolen arloan), ezin hobeto kualifikatutako profesionalak ezagutzen dituzte, zeinak ikasleen erreferentzia bihurtzen baitira eta egiten duten lanaren errealitatea azaltzen baitiete.
Aurten FIRST LEGO League Euskadiren gai nagusia kirolaren eta jolasen bidez gorputza aktibo mantentzeko modua izango da. Parte-hartzaileek gai horren inguruko zientzia-proiektu bat prestatu beharko dute. Horretarako, prestakuntza jasoko dute honako hauen eskutik: Athletic Club, Athlon, BCAM-Basque Center for Applied Mathematics, Donostiako Sustapena, Real Sociedad Fundazioa, Mondragon Unibertsitatea, Mugikon, Tecnalia, Deustuko Unibertsitatea, UPV/EHU eta Vifit Training. Programan zazpi tailer egingo dira, martxoaren 8tik 23ra bitartean. Aurten online egingo dira eta horien grabatutako bertsioa ikusgai egongo da Berrikuntzaren Euskal Agentziaren Youtubeko kanalean. Lehenengo tailerrean landu den gaia 55 urtetik gorako pertsonen kirol-jarduera izan da, eta dagoeneko eskuragarri dago hemen.
FIRST LEGO League Euskadi da STEAM Hezkuntzako erreferentziako programa Euskadin. Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Innobasquek, antolatzen du, Deustu, Donostiako Sustapena eta Mondragon Unibertsitatearekin batera. STEAM Euskadi Estrategiaren barnean sartzen da. Proiektu hori Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak sustatutakoa da, gazteen artean zientzia eta teknologiarekiko zaletasuna zabaltzeko. Urtero, mundu osoko 110 herrialdetako 6 eta 16 urte bitarteko milioi erdi ikaslek hartzen dute parte.