Ez zarete harrituko eraldaketa digitalaren aroan bizi garela esaten badizuet; zenbatetan entzun duzue? Ziur ez direla gutxi. 2010ean, Eric Schmidt Googleren CEOak pertsona asko harritu zituen honako hau esan zuenean: “zibilizazioaren hasieratik 2003ra arte, bost datu-exabyte sortu ziren. Zifra horiek oso labur geratzen dira aintzat hartzen badugu IDCk eta Seagate-k 2020an egindako Rethink Data ikerketak aurreikusten duela 2025erako datuen sorrera 175 zettabytekoa izango dela.
2006an, Clive Humby matematikari ingelesak esan zuen “datuak petrolio berria direla”; horren bidez, datuak gure bizitzak eraldatzeko duen gaitasunari erreferentzia egin zion, iraganean petrolioak egin zuen moduan; izan ere, gure etxeetan, lantokietan eta kontsumitzen dugun erregaian erabiltzen dugun energiaren iturri nagusia da. Hamar urte beranduago, 2017ko maiatzaren 6an, The Economist aldizkariak Amazon, Google, Microsoft, Facebook, Uber eta Tesla izenak zituen petrolio-plataforma bat erakusten zuen irudia argitaratu zuen, honako hau esanez: “munduko baliabiderik baliotsuena ez da petrolioa, datuak baizik”.
Konparaketa ezin zen zuzenagoa izan: konpainia energetikoak hasia ziren munduko enpresa liderrak izateari uzten, eta datuetan oinarritutako goi-mailako teknologietako produktuak eta zerbitzuak sortzen oinarritzen zen ardatz nagusia zutenak gero eta indartsuagoak bihurtzen ari ziren. Negozioaren zifrak argiak dira. Gaur egun, enpresa horiek arrakasta izaten jarraitzen dute zerbitzuen erabileran eta salmentan. Negozioak eraldatzeko datuetara bideratzean egindako apustu estrategikoa merkataritza-eskoletan eta unibertsitateetan ikasten da.
Datuak balioa gehitzen du negozio-aktibo gisa, baina ez da nahikoa datuen kantitate handiak jaso eta biltegiratzeko. Inpaktu positiboa izan behar du emaitzetan. Hori ez da lan erraza, eta hor “datuzentrismoaren” giltzarria aurkitzen dugu; tradizionalki datu horiek konpainia bakoitzeko teknikariek aztertu eta interpretatu dituzte. Hala ere, orain analisi-geruza berria dugu teknologia digitalen kalkulu-motorrei esker. Orain erronka hirukoitza da; izan ere, datuak enpresan eragina izateko modu desberdinean biltegiratu, eraldatu eta manipulatu behar izateaz gain, teknologia berriek gaitasun osoa lortu ahal izateko egokitu behar ditugu.
Funtsezko lehenengo alderdia talentua da, eta, zehazki, pertsonak. Lan egiteko modua aldatzen ari da, eta, teknologia berrietara egokitzeko prestakuntza- eta egokitze-planak sustatzea beharrezkoa den arren, ez da nahikoa. Enpresek informazioaren teknologien eta datuaren ustiapenaren esparruan espezializatutako gero eta diziplina anitzeko lan-profil gehiago eskatzen dituzte, hala nola chief data officer, data engineer edo data scientist.
Bestalde, talentua kudeatzeko taldeek sortzaileak izan behar dute, langileek bat egin dezaten aldaketarekin modu proaktiboan, eta erakundeak ere laguntza eman dezan. Gure enpresan programa berri bat ari gara prestatzen: saio teorikoak eta parte‑hartzaile bakoitzaren negozio-unitatearen erabilera-kasu erreal baten azterketa batzen ditu.
Guk ariketa hori egiten dugu datu-sorta erreal batekin; datuak nola atera eta tratatzen diren ulertzen dugu, eta zenbait machine learning metodo probatzen ditugu, ulertzeko zein metodo mota egokitzen den landu nahi dugun erronkara. Ariketa horren bidez, erronkara hurbiltzen gara ohikoaren aldean erabat desberdina den ikuspegi batetik, eta aldaketa-testuinguru honetan beharrezkoak diren profil berrien tokian jartzen gara. Gure ustez, datuan oinarritutako enpresa bihurtzeko, datuan oinarritutako langileak behar ditugu, eta, horretarako, prestakuntza, ikuspegi zabala eta prestakuntza tradizionaletik aldentzea oso aberasgarriak izan daitezke.
Programa horren bidez, ikasi geunen rol berri horien gaitasunek gure eguneroko lana aberasten duela, eta lankidetzan eta sinergien bilaketan oinarritutako eredu bat arrakastatsua izan daiteke aldaketaren katalizatzaile bihurtzeko.
Funtsezko beste kontu bat teknologia da: ukaezina da teknologiaren arloko garapena eta inbertsioa funtsezkoak direla datua behar bezala kudeatu eta erabiltzeko bizi-ziklo osoan. Sentsorizaziotik, konektagarritasunetik eta bilketatik (adimen artifizialaren eta beste abangoardiako teknologia batzuen bidezko analisitik igarota) ustiapen eta komunikazio partekatu eta segurura, argi eta garbi definitutako datua zaintzeko eredu batekin.
Euskadin komunitate teknologiko kohesionatua dugu, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea, non enpresa askok parte hartzen duten enpresako I+G unitateen bidez. Halaber, lankidetza publiko-pribatua funtsezkoa da gaikuntza teknologikoa eta enpresako I+G sustatzeko.
Azken finean, datuen potentziala aprobetxatzea onuragarria da enpresa‑lehiakortasunerako. Gizarte konektatu eta digital honetan geroz eta datu gehiago ditugu eskuragarri, eta teknologiaren laguntza behar dugu balio gehiago emateko eta zerbitzu eta produktu berriak sortzeko. Herritar eta gure erakundeetako langile gisa, gai izango gara aldaketa hori sustatzeko gure gaitasun digitalak hobetzeko tresnak baditugu eta lan egiten badugu aberasteko ikuspuntu berriak lortzeko.
Hala ere, oraindik bide luzea dugu aurretik ahalik eta etekinik handiena ateratzeko trantsizio digitalak, teknologiak eta pertsonen gaikuntzak ematen dizkiguten aukerei, baita horrek Euskadiko enpresen negozio-ereduei eman ahal dieten balioari ere. Benetan uste dut gai garela hori lortzeko, eta argia da datuetan oinarritutako erakunde izatearen aldeko apustua. Hori gai, pertsonok izan behar dugu aldaketaren katalizatzaile.