Adimen Artifizialaren (AA) garapenaren eta aplikazioaren babesean joera gisa azaleratzen ari da berrikuntza autonomoa. Kontzeptu hori Board of Innovation-ek sortu zuen eta AA sistemek modu independentean aritu eta erabakiak hartzeko duten gaitasunari egiten dio erreferentzia, eta horrek errotik aldatuko du produktu eta zerbitzu berriak bururatu, garatu eta merkaturatzeko modua.
Innobasque Prospektiba txostena 2024 – Berrikuntza Joerak txostenean berariazko kapitulu bat eskaini diogu gai honi, AAk gero eta garrantzi handiagoa duelako, bereziki AA Sortzaileak (AAS). Adimen artifiziala berrikuntzaren alderdi guztiak iraultzen ari dela nabarmentzen du txostenak, eta eredu autonomo eta eraginkorragorako aldaketa sustatu duela.
AAk berrikuntzan duen eragina esponentzialki hazten ari da, berritzeko dugun era aldatzen ari da. AAk gaitasun apartak ditu giza jokabidea laburtzeko, ideatzeko eta modelizatzeko. Hainbat azterketaren arabera, produktu berriak garatzeko AA erabilita produktuaren kalitatea % 40 hobetu da, garapenaren bizkortasuna % 26 hobetu da eta % 12,5 jarduera gehiago ahalbidetu du denbora berean. Emaitzak are hobeak dira adimen artifiziala gizakien begiradapean dagoenean.
AA berrikuntza eraldatzen ari da, produktu eta zerbitzu berriak modu autonomoan sortu eta merkaturatu ditzake.
AAren tresnek berrikuntzaren ohiko mugak gaindi ditzakete, esaterako, baliabideen mugak edo bezeroetara iristekoak. Egitekoak automatizatzeak informazio baliagarria eskaintzen du, bestela eginez gero pertsona eta denbora ugari beharko luketenak. Ideiak sortzerakoan, pertsonen eta AAren arteko lankidetzak kalitate handiko emaitzak ematen ditu; are gehiago, hainbat iturriren arabera GPT-4k sortutako ideien batez besteko kalitatea pertsonek sortutako ideiena baino hobea da, erosteko asmoa baloratzen denean.
Etorkizunean AA sistemak gai izan behar lirateke modu autonomoan aritzeko diseinu eta balidazio iteratiborako. Horrek produktua nahiz zerbitzuen garapena eralda ditzake, berrikuntza azkarragoa ahalbidetu eta kontsumitzaileen eta merkatuko dinamiken beharrak hobeto ulertu. Premisa horrekin, berrikuntzak autonomoagoa izateko joera izango du, soilik giza lanean oinarritutako heldutasun maila txikiagotik egingo du aurrera, erabateko berrikuntza autonomoa lortu arte.
Berrikuntza autonomoa ez da soilik AA dagoeneko badagoen sistema batean sartzea, baizik eta berrikuntza‑ziklo osoa berriro irudikatzea. Hau da, pertsonaren eta makinaren arteko elkarrekintzarako sistema bat garatzea berrikuntzaren motor izan dadin, lehen irudikatu ezin ziren kalitate, abiadura eta arrakasta-tasa duten produktu, zerbitzu eta negozio berriak etengabe irudikatu, sortu eta merkaturatuko dituena. Pertsonek diseinatuko, erabiliko eta finkatuko dituzte berrikuntza-motor horren helburuak.
Berrikuntza autonomoaren metodologiek berrikuntzaren abiadura, irismena eta kalitatea hobetu ahal izango dituzte. Modu autonomo eta jarraituan identifikatu ahal izango dituzte dauden eta egon daitezkeen bezeroen eta kontsumitzaileen beharrak, formulatu aurretik. Gainera, proba sintetikoen bidez modu autonomoan simulatzeko gai izango dira, pertsonen jokabideak pertsona errealek baino hobeto aurresango dituzte eta, ondorioz, eskaintza etengabe berritzeko gaitasun handiagoa izango da.
AAk berrikuntzaren ereduko osagai guztietan eragina izateko gaitasuna du, hasi estrategiatik eta prozesura, pertsonetara eta baliabideetara arte. Estrategian AASek kanpoko datuen iturriak eraginkortasun handiagoz aztertzen laguntzen du, alternatibak proposatzen eta enpresa- eta berrikuntza-arloko erabaki estrategikoak baloratzen ere bai. Aukera ikaragarriak eskaintzen ditu erronkak eta horien balizko irtenbideak identifikatzeko, eta berrikuntzaren diamante bikoitzaren espektroa hazi egiten du.
Giza adimenaren eta adimen artifizialaren arteko lankidetza funtsezkoa da. Giza gaitasunak (estrategia, intuizioa eta juizioa, etab.) makinekin (kalkulua, predikzioa eta zehaztasuna, etab.) konbinatuta, arazoak modu eraginkorragoan ebazten dira eta irtenbide berritzaileagoak ematen dira. Berrikuntza autonomoa da, dirudienez, hurrengo muga; sistema autonomoek gizakiaren zuzeneko esku-hartzerik gabe arituko dira eta ohiko teknologia digitaletatik harago doan paradigma berri baten eredu dira.
AA eta pertsonen arteko lankidetza ari da birdefinitzen berrikuntzako efizientzia eta kalitatea.