Europako Batzordearen prospektiba estrategikoaren hirugarren txostena argitaratu da Errusiak Ukraina inbaditu ondoren hasitako gerraren testuinguruan. Gatazkak hainbat arlotan izan dituen eta etorkizunean izango dituen eraginak gorabehera, Batzordeak epe luzeko helburuei eutsi die, baita bidezko trantsizio digital eta ekologikoaren aldeko apustuari ere.
Bi trantsizioen twinning (batasuna edo senidetzea) delakoa (hau da, elkar indartzeko gaitasuna) eskala handiko teknologiak hedatzeko gaitasunaren mende egongo da, bai egungoak eta bai berriak. 2030era bitartean, karbono-aztarna murriztea eta EBn berotegi-efektuko gas gehien igortzen dituzten sektoreen erresilientzia (energia, garraioa, industria, eraikuntza eta nekazaritza) egun eskuragarri dauden teknologien emaitza izango dira, baina beste berri batzuk ere hedatu beharko dira —egun fase esperimentalean, frogetan edo prototipo-fasean daude—, 2050ean klima-neutraltasuna eta zirkulartasuna lortzeko.
Halaber, faktore geopolitiko, sozial, ekonomiko eta arauzkoak jorratu behar dira edo aurrea hartu behar zaie, trantsizio horien bilakaera zehaztu baitezakete.
Ukrainako gerraren egungo eta etorkizuneko ondorioak gorabehera, batzordeak epe luzeko helburuei eutsi die, baita bidezko trantsizio digital eta ekologikoaren aldeko apustuari ere
Horretarako, 2022ko prospektiba estrategikoko txostenak funtsezko hamar arlo zehazten ditu, eta horietan jardun beharko da:
- Autonomia estrategikoa eta erresilientzia sektore kritikoetan, trantsizioekin lotuta (nekazaritza, eraikinak eta eraikuntza, energia eta haren erabilera intentsiboa egiten duten industriak, garraioa eta mugikortasuna). Zehazki, energiaren sektorean, baliabide ekologikoak eta biltegiratze-konponbideak izango dira garrantzitsuenak, eta energia-efizientziaren aldeko apustu orokor batek osatuko ditu.
- Mundu-mailako lankidetza, erregulatu eta normalizatzeko gaitasuna baliatuz eta aldi berean EBren balioak sustatuz, antzeko bazkideekiko ikerketa- eta berrikuntza-agenda baten bidez.
- Zementua, altzairua eta antzeko oinarrizko funtsezko produktuen hornikuntzaren kudeaketa estrategikoa. Hornikuntza-iturrien dibertsifikazioa ekonomia zirkularraren sustapenarekin, hiriko minen garapenarekin (eraikinetako obretako metalak edo birziklatutako hondakinak berreskuratu eta berrerabiliz) eta bigarren mailako lehengaien merkatu bat sortzearekin osatuko da.
- Kohesio sozial eta ekonomikoa, babes soziala eta ongizate-estatua indartuz, desberdinkerien murrizketan, konektagarritasunean eta gaitasun eta trebetasunen garapenean oinarrituta.
- Hezkuntza- eta prestakuntza-sistemak errealitate sozioekonomiko berrira egokitzea, gaitasun teknologiko eta ekologikoak garatzeko eta klima‑sentsibilizazioa handitzeko. Horrez gain, sektore arteko lan‑mugikortasuna handitu beharko da, eta jatorrian eginiko kontratazioa sustatuko duen migrazio-politika bultzatu beharko da, eskatutako lanbide-profilen berme legalekin.
- Inbertsioak bideratzea bi trantsizioak batzeko teknologia eta azpiegituretara, baliabideak orientatuz epe luzera eta aktibo jasangarrietara. Baliabide publiko eta pribatuak batuko dituzten inbertsioak, fiskalitate egokituarekin. Jarraipen-esparru solido eta fidagarriak ezartzea digitalizazioaren eta energia eta baliabideen erabileraren efektu bideratzaileak neurtzeko.
- Horrez gain, aurrerapenak beharko dira ongizatea neurtu eta gainbegiratzeko, BPGd-tik harago.
- EBn esparru arautzaile arin bat garatzea, etorkizuneko ikuspegiarekin eta merkatu bakarrean oinarrituta; enpresa-ereduak eta kontsumo-irizpide jasangarriak emango ditu, eta berrikuntzarako pizgarriak izango ditu.
- Bi trantsizioak batzeko arauak finkatzea eta EBren abantaila bermatzea jasangarritasun lehiakorreko aitzindari gisa, non “murriztu, konpondu, berrerabili eta birziklatu” printzipioan oinarritutako produktuen diseinua izango den arau orokorra.
- Zibersegurtasunaren eta datuen trukearen arloan esparru solidoago bat finkatzea, bi trantsizioak batzeko beharrezko teknologien potentziala askatzeko xedearekin.
Europako batzordeak uste du bi trantsizioak (energetikoa eta digitala) batu eta indartzeko hobeto ulertu behar direla bien arteko interakzioak
Aurreko guztirako, Europako Batzordeak uste du bi trantsizioak (energetikoa eta digitala) batu eta indartzeko hobeto ulertu behar direla bien arteko interakzioak. Horrez gain, ez da ahaztu behar aurrerapen hori etorkizuneko megajoera berrien eta aurreikusi gabeko gertakarien testuinguruan gertatuko dela. Beraz, deskribatutako hamar jarduketa-arloei begira ikuspegi dinamiko bat beharko da, gerta daitezkeen aldaketak aurreikusiz eta erantzun politikoak egokituz Hortaz, Batzordearen helburua da EB jasangarritasun lehiakorraren defendatzaile bihurtzea, eta erresilientzia eta autonomia estrategikoa indartzea inor atzean utziko ez duen bidezko trantsizio baten bidez.