Trantsizio digitalean murgilduta gaude, eta gure lan egiteko, komunikatzeko eta bizitzeko modua aldatzen ari da, baina, aldi berean, berrikuntza-aukerak sortzen ari dira, ekonomiaren hazkuntza-, lehiakortasun- eta produktibitate-bide berriekin.
Digitalizazioa gero eta gehiago finkatuz doan neurrian eta milioika gailu berri konektatzen diren heinean, erakundeentzat datuen bolumen eskuragarriak modu esponentzialean egiten du gora. Datuei erreparatzea da enpresa-arrakastarako apustu berria, eta erakunde-mota guztiak eraldatzeko ahalmena du. Datuetan oinarritzeak esan nahi du horien balioa maximizatzea, eta baliabide nahiz produktu gisa tratatzea. Barneko eta kanpoko datuez ari gara. Lehenengoak erakundeak berak bezeroekin zein hornitzaileekin elkarrekintzan sortutako datuak dira. Bigarrenei dagokienez, negozio-prozesuekin lotuta daude, baina sistemetatik kanpo ageri dira.
Euskadiko industrian eraldaketa hori bultzatzea kritikoa da Europako lehiakideen aurrean abantailak sortzeko
Batetik, enpresa-erabaki kritikoak hartzeko oinarri modura erabili behar dira datuak. Xede horrez, metodo tradizionalen ordez (hala nola esperientzia edo sena) goi-mailako kalitateko analisi gardenak egitea ezinbestekoa da. Bestetik, datuek bezeroei zerbitzu berriak eskaintzeko aukera emango digute. Are gehiago, negozio-ildo berriak sortu ahalko ditugu.
Euskal enpresak oraindik ez dira aprobetxatzen ari informazio guztia eskuratzeak ematen duen berrikuntza-ahalmen guztia, Innobasquek egin duen Berrikuntzaren Pertzepzioari buruzko azterketa berriaren arabera. Galdetutako adituen % 57k uste du eraldaketa digitalak neurrizko ekarpena egiten diela gure enpresetako berrikuntza-prozesuei.
Pertzepzio hori arrazoizkoa da Europako egoera kontuan hartzen bada. 2019ko Ekonomia eta Gizarte Digitalaren Indizearen (DESI, ingelesezko siglak direla eta) arabera, manufaktura-sektoreek arlo digitalean intentsitate-maila txikiena dute, eta euskal ekonomian oso garrantzitsuak dira. Euskadiko industrian eraldaketa hori bultzatzea kritikoa da Europako lehiakideen aurrean abantailak sortzeko. Ildo horretan, Euskadiko IKT sektoreak erakundeen beharrei erantzuteko eta eraldaketa digitalean laguntzeko gai izan behar du.
Erakundeek datuek ematen dituzten aukerak aprobetxatu ahal izateko, eremu guztietan kudeatu beharko dira, ekoizpenetik hasita erabilerara arte
Gure abiapuntua 2020an bizkortu zen trantsizioa da eta, besteak beste, COVID-19aren pandemiaren ondorioz gertatu zen bizkortze hori. Industria elektronikoak eta IKT zerbitzuen industriak urte horretan I+Gean 2018an baino % 21 gehiago gastatu zuen barnean, eta negozio-zifra % 50 altuagoa izan zen, nagusiki programazioko enpresek, aholkularitzak eta informatikarekin lotutako beste jarduera batzuek bultzatuta. Halaber, azpimarratzekoa da 2022an Euskadin sektorean jarduera duten enpresen kopurua % 5 gehitu dela, 2018ko datuarekin alderatuz gero.
Dena den, COVIDak askotan teknologien garapena bizkortu arren, benetan, eraldaketa digitalak heltzeko denbora behar du. Gartner aholkularitza-enpresaren estimazioen arabera, teknologia berri gehienak oraindik ez dira orokorrean erabiltzen ari, eta, ondorioz, ez dira baliorik sortzen ari.
Bestalde, gero eta garrantzi handiagoa du datuak kudeatzeak. Datuak ebaluatu, ekoitzi, kontsumitu eta kontrolatzean eta haiekin lotutako analisi-jardunean portaera egokiak hartzen direla bermatzeko antolaketa-funtzio eta -erantzukizun berriak sortzen ari dira. Hala, erakunde batzuek datuak kudeatzeko eta aztertzeko orduan erantzukizuneko lanpostuak sortzearen aldeko apustua egin dute. Dena den, enpresen % 40,2k bakarrik baiesten du rol hori arrakastatsua dela eta erakundean ondo ezarrita dagoela.
Duela gutxiko argitalpen batek datuetan oinarritutako erakundeek dituzten oztopoak azpimarratu ditu. Galdetutako exekutibo gehienen ustez, eragozpenik handiena kultur oztopoak dira. Ez da gai teknologikoa bakarrik, pertsonentzako erronka baizik.
Erakundeek datuek ematen dituzten aukerak aprobetxatu ahal izateko, erakundearen eremu guztietan kudeatu beharko dira, ekoizpenetik hasita erabilerara arte. Ez da nahikoa izango beharrezko teknologia, gaitasunak eta trebeziak izatea. Erakundearen azpian dauden sinesmen eta portaeren gainean jardun beharko da. Hau da, erakundearen beraren kulturan.
Aldi berean, nahitaezkoa da politika publikoak bultzada ematea. Aurrekoari eutsiz, Europar Batasunak “Digital Transformation – Cost of Non Europe”azterketa egin du berriki eta, besteak beste, Batasunaren esparruan garatu behar diren politikak bildu ditu. Laburbilduz, hiru aukera daude: teknologia digitaletan konfiantza areagotzea, eraldaketa digitalerako I+G+b-a indartzea eta eremu horretan ETEetarako berezko politika garatzea.
Eusko Jaurlaritzaren politika orientabide horiekin lerrokatzen da, “Datuaren Ekonomia” proiektu berrian islatzen den bezala. Proiektu horrek datuaren ekosistema sortzea planteatzen du. Industriaren sektoreari erreparatzen dio, eta helburua da 2021. eta 2024. urteen artean industria eta zerbitzu aurreratuetan BPG-aren % 40 gainditzea. Neurri horiek España Digital 2025 planak indartuko ditu, ETEak digitalizatzen 5.000 milioi euro inbertitzea aurrez ikusten baitu eta industriaren sektorerako berariazko programak baititu. Gainera, Europako Batzordeak neurri estrategiko osagarriak abian jarri ditu, hala nola datu pertsonalak eta ez-pertsonalak seguru trukatzeko esparrua ezartzea (Data Act eta Data Governance Act), Digital Europe programa edo “Skills4SMEs” ekimena ETEak etengabe gaitu eta prestatzeko.
Horrenbestez, erakunde baten garapena datuetan oinarritzeko funtsezko hiru elementu daude: teknologia digitalen garrantzi estrategikoa onartzen duen industriaren sektorea, IKT sektore bikaina garatzea eta bultzada politikoa.
Trantsizio digitalak benetan berrikuntza bizkortzen eta hazkuntza-, lehiakortasun- eta produktibitate-bide berriak sortzen laguntzeko oinarrizkoak izango dira, batetik, administrazio guztiek tresna horiek arin garatzea eta, bestetik, euskal enpresa-ehunak tresna horiek aprobetxatzeko ahalmena izatea.