Urriaren 10, 11 eta 12an, Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Innobasque Dubai Future Forum ekimenean parte hartzera gonbidatu zuten. Urteroko topaketa horrek munduko 400 aditu baino gehiago biltzen ditu eta erronkak aurreratzen, aukerak imajinatzen, aurreikuspenak partekatzen eta, laburbilduz, etorkizunari forma ematen ahalegintzen dira.
Eztabaida ugari multzoka daitezke “muga” kontzeptuaren inguruan. Hori horrela, mugak desagertzeari buruzko diskurtsoak ideia honetara eraman zuen: herritartasun-modu askotarikoak ordezkatzen ari dira nazio batekoa izatearen kontzeptua eta, hain zuzen, geure buruarengan gehiago pentsatu behar dugu partekatutako balioak dituzten etorkizuneko herritar gisa. Kontzeptu horrek pertsonen kolektibo batekiko eta leku jakin batekiko sentitzen dugun orainaldiko eta etorkizuneko erantzukizunari egiten dio erreferentzia, geografia jakin batekiko atxikimenduari baino, eta datozen belaunaldientzat gizarte inklusiboagoa eta bidezkoagoa sortzen du.
Halaber, horrek aldatu egingo luke, nolabait, pertsonaren nortasun gisa ulertzen duguna. Gainera, fisikoaren eta digitalaren arteko mugak lausotzen ari dira eta metabertsoak (multibertso edo omnibertso ere deitua) beste nortasun batzuk gehitzeko eta konbinatzeko aukera ematen digu. Hiriak eurak ere beren nortasuna eraikitzen ari dira, eta pertsonen jatorri gisa baino hobeto definitzen ditu.
Innobasque Dubai Future Forum ekimenean parte hartzera gonbidatu zuten. Urteroko topaketa horrek munduko 400 aditu baino gehiago biltzen ditu eta erronkak aurreratzen, aukerak imajinatzen, aurreikuspenak partekatzen eta etorkizunari forma ematen ahalegintzen dira.
Muga digital, biologiko eta espazial berrien munduan aurrera egiteko, politikak arautu eta egitean goitik eginiko kontrol-eredu batetik adostasun soziala lehenetsiko duen beste batera igaro behar da. Araudi-esparruek berritzaileak, arinak eta malguak izan behar dute, eta esperimentazio handiagoko kultura sustatu.
Nolanahi ere, mugek sortu nahi dugun etorkizunari erantzun beharko diote, etorkizun horrek haien helburua zehaztuko baitu. Aurre egin behar diegun erronka globalak ikusita (klima-aldaketa, garapen jasangarriko helburuak, pandemiaren osteko suspertze ekonomikoa…), zentzugabea da muga fisikoen barruko tokiko jardueretan pentsatzea. Ekintza global eta koordinatua behar da, erretorikatik ekintzetara igarotzeko erronkari helduz.
Ideia horrek beste mezu indartsu batera garamatza: gobernantza globalaren eta diziplina arteko, kulturen arteko eta sektore publiko eta pribatuen arteko lankidetzaren modu berrien beharra, emaitza bikainak lortzeko. Lankidetza-testuinguru horretan, lidergoak funtsezko zeregina du enpresetan, gobernuetan eta gizartean oro har behar den kultura-aldaketa sustatzeko. “Egoan” oinarritutako sistema eta estiloetatik “gu” ardatz duten ekosistemetara igaro beharko ginateke.
Ikuspegi komunaren eta gobernantza globalaren beharra datuen eta adimen artifizialaren arlora zabaltzen da. Izan ere, datuak denon onerako aprobetxatzeko aukera handia dagoen arren, oro har ikuspuntu indibidualak nagusitzen dira. Foroan, ahalduntzeko moduak sortzea proposatu zen, pertsonek beren datuen gainean dituzten eskubideak bermatzeko bide berriak. Halaber, akordio global baten alde egin zen, adimen artifizialaren erronkei aurre egiteko batetik, eta desinformazioari aurre egiteko bestetik.
Fisikoaren eta digitalaren arteko mugak lausotzen ari dira, eta metabertsoak (multibertso edo omnibertso ere deitua) beste identitate batzuk gehitzeko eta konbinatzeko aukera ematen digu.
Mugaren kontzeptura itzulita, espazioa aztertzeari esker ireki daitekeen agertoki berria landu zen, eta sektore aeroespazialak datorren mendearen bilakaeran izan dezakeen zeregina. Ados zeuden ideia honi dagokionez: beste planeta batzuetan koloniak sortzearen ondoriozko onurek arrisku potentzialak gaindituko dituzte. Alabaina, horiek planteatzen dituzten eztabaida etikoetan sakondu beharko da, eta iraganetik ikasi, gure planetan bertan egindako akatsak berriro ez errepikatzeko.
Azken muga gizakiarena da. Biologia eta teknologia berriak bateratzean izandako aurrerapenek osasungintzaren etorkizuna eraldatuko dute. Osasun-arreta masibotik osasun-arreta zehatz, prediktibo eta prebentibora igaroko gara. Adimen artifiziala pazienteak tratatzeko moduan eta farmako berrien garapenean izaten ari den inpaktua errealitatea da jada.
Agertoki horretan, zahartzearen ondoriozko gaixotasunak ezabatzeko, prebenitzeko, arintzeko edo tratatzeko moduak sumatzen ari gara. Are gehiago, gizakiaren eta digitalaren arteko muga gurutzatuta, hilezkortasunaren aukera imajinatzen duenik ere badago.