Ekonomia kolaboratiboa (gig economy) edo ekonomia kolaboratibo digitala (digital gig economy) lan malgu, aldi baterako edo autonomoetan dago oinarrituta, eta bezeroekin edo erabiltzaileekin online plataformen bidez konektatzea ahalbidetzen du. Telefono adimentsuek eta hodeiko konputazioak negozio eredu horiek areagotzea ahalbidetu dute. Eskema berri horrek, “Uberizazio” gisa ere ezaguna denak, enplegu tradizionala zereginekin ordezten du, eta lanaren zein erakundeen digitalizazioa eragiten du. Testuinguru horretan, gig jobs direlakoek zerbitzu zehatza eskaintzen dute ordainsari baten truke, enplegatzaile eta enplegatuaren arteko etengabeko harremanik zein soldata erregularrik gabe.
Gig ekonomiaren joera (Lyft, Uber, Airbnb, Postmates edo Wolt agertu dira) azkartu egin zen azken atzeraldi handian eta COVID-19aren pandemian. Gutxi gorabeherako estimazioen arabera, litekeena da AEBetako biztanleriaren herena dagoeneko modalitate kolaboratiboren batean lanean aritzea, eta kalkulatzen da munduko 1,6 milioi langilek horren bidez lortzen dituztela diru‑sarrerak. Oraindik gutxi dira hezkuntza‑maila altua behar duten mota horretako enpleguak, baina litekeena da etorkizunean areagotzea (erreferentzia 4. orrialdean).
Gig jobs direlakoek zerbitzu zehatza eskaintzen dute ordainsari baten truke, enplegatzaile eta enplegatuaren arteko etengabeko harremanik zein soldata erregularrik gabe
Gig ekonomiarako trantsizioa mundu osoan gertatzen ari da, bereziki zerbitzuen sektorean, hala nola oporretarako ostatuen alokairuan, garraio pribatuan, janariaren entregan, etab. Horrela jarraituz gero, ekonomiako zati gehienera heda liteke, eta gaur egun gehien eskatzen direnak baino talentu eta hezkuntza‑gaitasun handiagoak eskatzen dituzten enpleguak barneratzea.
Arduradun pribatu zein publikoak erronka horri erantzuteko gai badira, aukera‑sorta handia sortuko da, bai enplegu-eskaintzan bai enplegu‑eskarian. Ondorioz, tokian‑tokian, estatuan zein mundu‑mailan oso lehiakorrak diren enpresak zein lanpostu berriak sor litezke, eta lehiakortasun‑ eta ongizate‑mailak ere hobetu litezke.
Gig ekonomiaren sorrera zenbait faktoreri lotuta dago: enpleguaren eta soldaten inguruko testuinguru negatiboa, zein enpresa eta lanpostu berriak sortzeko aukera erakargarriak. Kostuen murrizketa da ekonomia kolaboratiboaren abantaila nagusietako bat. Erakundeek kanpoko langileak kontrata ditzakete, eta horrek bulego garestien beharra ekiditen du, bai eta bestelako gastuak ere, hala nola langileentzako prestazio‑sortak, erretiro‑planak eta gaixotasunen ondoriozko baja ordainduak. Erakundea berez egiteko gai ez den lanak egiteko edo denborak azkartzeko “gig eskulanarekin” lan egiteak ondorio positiboak ditu, eta prozesu konplexuen zailtasuna eta iraupena ekiditen du, bai eta kontratazio‑prozesuen iraupena ere. Zentzu horretan, ekonomia kolaboratiboak independentzia eta malgutasuna ematen du.
Alabaina, desabantailak ere baditu. Esaterako, kanpoko langileek ez parte hartzea erakundean lanaldi osoan kontratatuta egongo balira parte hartuko luketen beste. Gainera, Gig enpresek ez dituzte, oro har, langileak animatzeko politikak garatzen, eta, ondorioz, fideltasun‑arazoak ekarri edo lanarekiko motibazioa gutxitu daiteke. Bestalde, pertsona batzuentzat lan independentea oso garrantzitsua izan daitekeen arren, beste batzuentzat bakardade‑sentsazioa sor dezake, eta horrek ondorio negatiboak ekar ditzake osasun mentalean eta produktibitatean.
Arduradun pribatu zein publikoak erronka horri erantzuteko gai badira, aukera sorta handia sortuko da, bai enplegu-eskaintzan bai enplegu eskarian
Ekonomia kolaboratiboaren elementu eta ezaugarri nagusia estatuko zein nazioarteko bezeroei arreta emateko aukera egokiak eskaintzea da (online konexio‑baliabideak zentzuzko kostuetan, zein tokitatik lan egiten den garrantzitsua ez izatea, ordutegi‑ eta lanaldi‑malgutasuna, etab.). Baina Gig ekonomiak alde txarra ere izan dezake; izan ere, zenbait lan munduko edozein txokotan dauden pertsonek egin dezakete urrutitik. Esparru horri lotutako politikak kontuz berrikusi behar dira Gig ekonomiaren trantsizioa eta erabilera egoki ezartzeko, bai eta horren balizko arriskuak gutxitzeko ere. Nolanahi ere, eredu horren garapena eta gizarteko esparru desberdinetan pixkanaka nola sartzen den aztertzen jarraitu beharko dugu.